"Teknologia berriak, metodologia zaharrak?"


Hotz handia egiten du kanpoan. Barruan, berriz, ez. Izkina batean butano-berogailuko sugar urdinak dar-dar egiten du. Egunero bezala, otoitz egin ondoren, isilik gelditzen dira.Isiltasuna Don Celso ikasgelatik heltzen diren biderkatzeko taularen urrutiko doinuek hausten dute.
Hirurogeita zortzi urteko maestro potolok, bibotedunak eta burusoilak liburua ateratzeko esaten duenean, denok batera idazmahaietako tapa ireki eta zaratarik egin gabe duten liburu bakarra hartzen dute. Entziklopediak Alvarez du izena. Zuri-beltzezko zenbait marrazkiz apainduta, eskolan duten arlo gehienak azaltzen ditu. Gaur geografia ikasi behar dute: Iberiar Penintsulako ibaiak, hain zuzen. Testua irakurri ondoren, Don Josek, egurrezko erakusle batekin arbeleko marrazkiari seinalatuz, ibaien izenak galdetzen ditu.
Berrogeita hamar urte beranduago Ama Xantalen ikastetxe berrituan, 2018ko azaroaren goiz fresko horretan, zortzi urteko Koldok , aluminiozko leihoko kondentsatu gabeko “climalit” kristaletatik begiratzen duenean, patio biluzik bat ikusten du. Zuhaitzik gabeko asfaltozko jolastoki horretan porlanezko eserlekuen azpian plastikozko poltsek zikintzen dute lurzorua. Zutabe baten azpian erreglamentuzko baloi bat dago. Begiak altxatzen dituenean, solairu askoko eta adreiluzko etxeek bere aitonak ikusten zituen zelaiak , baserriak eta San Martzial baseliza ezkutatzen dituzte. Beheko aldean, berriz, Ama Xantalen baseliza oso ondo ikusten da zuhaitz gazte batzuen artean.
Ikasgelan 17 ikasle daude. Hamar mutilak eta zazpi neskak banakako idazmahai berdeen atzean esertzen dira. Garazi, hogeita bost urteko andereñoa, haien aurrean dago bere mahai gainean koadernoak zuzentzen. Aurreko paretan eta kortxozko panel batean egutegia eta beste orri batzuk. Ondoan, arbela zuri bat .
Kanpoko freskoa ez da barruan nabaritzen. Berokuntza zentrala piztuta dago eta bero handiegi egiten duenez, leiho bat ireki dute. Oso ekologikoa, andereñoak dioenez.
Isiltasuna da nagusi . Leihotik sartzen den freskoarekin batera, 5.mailako ikasgelatik heltzen den buruko kalkulua entzuten da.
Ingurune dute lehenengo orduan. Kolorez beteriko liburu atera ondoren, 3.gaia irekitzen dute: Euskal Herriko ibaiak. Testua irakurri ondoren, Andereñoak 4000€ko arbela digitala bat erabiliz Euskal Herriko mapa proiektatzen du . Maitek, urruneko erakusle batekin pantailako mapari seinalatuz, ibaien izenak galdetzen ditu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina