2022(e)ko urtarrilaren 23(a), igandea

Igelaren bizi zikloa

 Ariketea hau egin baino lehen, José R. Castellok egindako testua aztertuko dugu. Bertan Iberiar Penintsulan dauden anuroak ikusten dira. Nahi duenak deskarga dezake:

Dr. Jose R. Castello
Posterra deskargatzeko irudiaren gainean klikatu

Irakurriaren eta entzumenaren ulermena lantzeko  testu hau egokitu dizuet. Entzun ahala, irakurri. Amaitzen duzunean, beheko inprimakiari erantzun:

Animo!!!

Plast!! Ara! Oso poliki-poliki ibili arren, ez dut igela ongi ikusterik izan eta berehala ezkutatu zait uretan. Pauso gutxi batzuk gehiago eman eta berriz ere plast!! Baina oraingoan bai! Igel potolo bat ikusi dut salto egiten, eta urpeko harri koskor baten ondoan bere burua gorde du.

Urlehortar edo anfibioak nagusiki uretan bizi dira, baina lehorrera ateratzeko gai dira.
Gaur egun 6.000 espezie inguru omen daude. Igelak, apoekin batera, anfibioen taldeko animaliarik ezagunenetarikoak eta adierazgarrienetarikoak dira. Igelak, ordea, beste anfibio batzuk baino hobeki baloratzen ditugu, eta baita eskuetan aiseago hartu ere. Eskuetan hartuz gero ohartuko gara zeinen azal fina eta hezea duten.

Igelek, ugaltzeko, urmael txikiak, errekatxoak edota putzuak nahi izaten dituzte.
KROK! Igel arrak abesten duenean egiten duen soinua da. Arrek korrok egiten dute urmaeleko emeak erakartzeko. Egun asko ematen dituzte kantuan, batez ere gauaz. Emeak laster hurbiltzen zaizkie, parekatzeko.
Urmaelean elkartzen dira; emeak milaka arrautza uzten ditu uretan, eta arrak beraien gainean botatzen du bere hazi likidoa (espermatozoideak). Arrautza bakoitza puntu beltz txiki bat da, eta bola likatsu batek biltzen du, urmaeleko arriskuetatik babesteko.
Ernaltze-sistema honek, arrainena ekartzen du gogora.

uretatik lurrera
Arrautzetatik, egunetara, zapaburuak irteten dira. Zapaburuek zakatzak edo brankiak dituzte, ur azpian arnasa hartzeko, eta isatsa ere bai, mugitzeko. Urmaelean 3-5 hilabete beharko dituzte metamorfosi izeneko prozesua burutzeko.

Prozesu harrigarri honetan zapaburuaren buztana xurgatu eta hankak garatu egingo dira, atzekoak lehenik eta aurrekoak gero. Brankiak galdu eta birikak garatzen zaizkie, eta aho barnean mihi luze eta  eranskorra luzatzen zaie, harrapakinak errazago ehizatzeko. Azkenik, metamorfosi prozesua bukatzean, igel heldua uretatik atera daiteke.

Helduaren itxura lortu ondoren  igeltxo berria uretatik atera eta putzuaren inguruko lurraldean bizitzen hasiko da. Gainerako anfibioak bezala, igel helduak haragijaleak dira eta beren aho zabalari  esker harrapakin handiak irentsi ditzakete, ohizko harrapakinak (intsektuak, molusku txikiak, armiarmak eta zizareak) hain zuzen ere.

Igelek arazoak ere badituzte. 
Gaur egun, uraren, airearen eta lurraren kalitatea oso kaskarra da planetako hainbat gunetan; gasak eta likidoak azalean barrena sartzen zaizkienez, animalia hauek dira gaur  egun arrisku handien dutenetakoak. Horretaz gainera, gizaki  batzuek legez kanpo harrapatzen dituzte, inolako baimenik gabe, jateko.

Denon artean pentsatu behar dugu zer egin dezakegun desagertzeko arriskuan bizi diren hainbat espeziek gure artean iraun dezaten. Hurbileneko anfibioak, gure inguruneko urmael eta errekatxoetakoak,  ongi ezagutzea izan liteke lehenengo urratsa.

Inprimakia ikusten ez baduzu egin klik hemen


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina