2022(e)ko urtarrilaren 26(a), asteazkena

Apoak azaldu dira

@sanz_azkue-ren haria entzun eta irakurri ondoren, beheko inprimakiari erantzun behar diozu.



Urtarriletik noiz aterako zain, eta azkenean ikusi ditugu. Kostata, baina azaldu dira. Hiru astetan, hiru espezieak. Urte arraroa anfibioentzat. Ez dute eguraldia lagun izan.

Urtarrila amaieran eman ziguten aurreneko ezustea. Tenperatura epelek eta euriak bat egin zuten, apoei gustatzen zaien moduan, eta orduan, Euskal Herriko txoko batzuetan kolpe txiki bat izan zen. Errutera atera ziren. Inoiz baino lehenago. Bidean topatu genuen haien arrastoa...Ez da ohikoa, baina gertatzen da.


 Apoak ateratzeko garai tipikoa martxoa izan ohi da. Tenperatura epelak eta euriteak gauez elkartzen diren momentuetan. Aurten, urtarrileko egun solte goiztiarrez gain, ordea, euriarekin hotza izan da, eta beroarekin, lehorra. Apoen arrastorik ez.Apoak ektotermoak baitira. Kanpoko tenperaturaren beharra dute gorputza aktibatzeko, eta hezetasuna, euren azal fina heze mantentzeko. Otsaila eta martxoa aurrera zihoazten, eta gu, herpetologook zeruari begira. Eta apoak? Apoak ezkutatuta.

Eta apirila iritsi zen. "Aterako al dira apoak" galdezka elkarri. Eta Aste Santuarekin iritsi zen prozesioa. Lehenik apo arrunt iberiarra (Bufo spinosus) ikusi genuen. Euri gutxi izanda ere, epelean ateratzeko hautua egin zuena, eta hala ikusi genituen lehenbiziko bikoteak.Begi gorriek ematen digute haien berri. Aurkitu ditugun beste apo espezieek ez dituzten begi gorri biziak. Kondairen arabera, sorginak ere tentatu ohi zituzten begiak. 


 Eta beranduxeago hasi da apo lasterkaria (Epidalea calamita) euskal kostaldean. Ez ditu egun asko izan, baina denbora aurrera doa, eta aurreko asteburuan ateratzeko hautua egin zuen. Begi horiak, marra horiska bizkar aldean. Salto partez, lasterka ikusiko dugu aurrera egiten. 

 

Hirugarren apo ere bada gurean. Zapottikia deitzen diotena herri batzuetan. Txantxikuak (Alytes obstetricans) badaki udazkenak ere prest dituela ugaltzeko. Ez du horrenbeste presarik izaten, baina ar batzuk aurkitu ditugu dagoeneko arrautzekin bizkarrean.

 Eta hala da herpetologoen bizitza. Horietako espezieren baten ikerketa egin behar eta eguraldiaren zain egotea. Gauez atera eta bat bera ere ez ikustea, eta halako batean, ekaitza bezala, tantaz tanta, ehundaka apo atera zaizkiola egun berean konturatzea. Zer iruditzen?


2022(e)ko urtarrilaren 25(a), asteartea

Zika birusa eta Aedes eltxoa






Zer da eta nola kutsatzen da?
Aedes familiako bi eltxok, aegypti eta albopictus izenekoek, kutsa dezakete Zika birusa.
Gehienetan eskualde subtropikaletan eta tropikaletan kokatzen da birusa, Aedes aegypti
eltxoaren eraginez, eltxo mota horrek ez baitu tenperatura hotzetan bizirauten. Baina Zika birusa
Aedes albopictus eltxoak ere kutsa dezake, eta eltxo horrek hibernatzeko gaitasuna du, eta,
hortaz, tenperatura hotzeko eskualdetan bizirauteko gaitasuna du.

Zika lehen aldiz Ugandan antzeman zuten, 1947an. Luzaroan kasu bakar batzuk azaldu ziren
Afrikan eta Hego Asian. 

Nola sortzen da «Aedes» eltxoa?
Aedes familiako moskito emeak soilik egiten du zizta. Pertsona bat aldizka ziztatuz jaten du
eltxoak. Behin ase denean, hiru egunez atseden hartu behar du arrautzak jarri baino lehenago. Urik gabe urtebete biziraun dezakete arrautzek. Nahikoa da ur geldi pixka bat egotea arrautzak larba bihurtzeko eta, ondorioz, moskito heldu.
Moskitoak birusa duen norbait ziztatzean kutsatzen dira.

Herrialde batetik bestera al doa?
Aedes familiako eltxoak ez dira oso hegalariak; ez dira 400 metro baino gehiago hegan egiteko gai.Baina gizakiek oso erraz garraia ditzakete konturatu gabe, esaterako autoan edo landareen bitartez. Helmugara iristean eltxoa ez bada tenperatura aldaketagatik hiltzen, ugaldu egin daiteke bertan.



Zeintzuk dira zikaren sintomak?
Oro har eta haurdun ez daudenen kasuan, kutsatutako Aedes eltxo batek zizta egin eta egun batzuetara, sukarra, larruazaleko erupzioak, nekea, muskulu nahiz artikulazioetako ahuldadea, buruko mina eta konjuntibitisa senti daitezke. 
Ziztada jaso eta hiru eta hamabi egun artean agertzen dira lehen sintomak. Normalean, hiru eta
zazpi egunen artean irauten dute. MOE berak aitortu duenez, oso gutxi dakite oraindik birusak sor ditzakeen konplikazioen gainean.




2022(e)ko urtarrilaren 23(a), igandea

Igelaren bizi zikloa

 Ariketea hau egin baino lehen, José R. Castellok egindako testua aztertuko dugu. Bertan Iberiar Penintsulan dauden anuroak ikusten dira. Nahi duenak deskarga dezake:

Dr. Jose R. Castello
Posterra deskargatzeko irudiaren gainean klikatu

Irakurriaren eta entzumenaren ulermena lantzeko  testu hau egokitu dizuet. Entzun ahala, irakurri. Amaitzen duzunean, beheko inprimakiari erantzun:

Animo!!!

Plast!! Ara! Oso poliki-poliki ibili arren, ez dut igela ongi ikusterik izan eta berehala ezkutatu zait uretan. Pauso gutxi batzuk gehiago eman eta berriz ere plast!! Baina oraingoan bai! Igel potolo bat ikusi dut salto egiten, eta urpeko harri koskor baten ondoan bere burua gorde du.

Urlehortar edo anfibioak nagusiki uretan bizi dira, baina lehorrera ateratzeko gai dira.
Gaur egun 6.000 espezie inguru omen daude. Igelak, apoekin batera, anfibioen taldeko animaliarik ezagunenetarikoak eta adierazgarrienetarikoak dira. Igelak, ordea, beste anfibio batzuk baino hobeki baloratzen ditugu, eta baita eskuetan aiseago hartu ere. Eskuetan hartuz gero ohartuko gara zeinen azal fina eta hezea duten.

Igelek, ugaltzeko, urmael txikiak, errekatxoak edota putzuak nahi izaten dituzte.
KROK! Igel arrak abesten duenean egiten duen soinua da. Arrek korrok egiten dute urmaeleko emeak erakartzeko. Egun asko ematen dituzte kantuan, batez ere gauaz. Emeak laster hurbiltzen zaizkie, parekatzeko.
Urmaelean elkartzen dira; emeak milaka arrautza uzten ditu uretan, eta arrak beraien gainean botatzen du bere hazi likidoa (espermatozoideak). Arrautza bakoitza puntu beltz txiki bat da, eta bola likatsu batek biltzen du, urmaeleko arriskuetatik babesteko.
Ernaltze-sistema honek, arrainena ekartzen du gogora.

uretatik lurrera
Arrautzetatik, egunetara, zapaburuak irteten dira. Zapaburuek zakatzak edo brankiak dituzte, ur azpian arnasa hartzeko, eta isatsa ere bai, mugitzeko. Urmaelean 3-5 hilabete beharko dituzte metamorfosi izeneko prozesua burutzeko.

Prozesu harrigarri honetan zapaburuaren buztana xurgatu eta hankak garatu egingo dira, atzekoak lehenik eta aurrekoak gero. Brankiak galdu eta birikak garatzen zaizkie, eta aho barnean mihi luze eta  eranskorra luzatzen zaie, harrapakinak errazago ehizatzeko. Azkenik, metamorfosi prozesua bukatzean, igel heldua uretatik atera daiteke.

Helduaren itxura lortu ondoren  igeltxo berria uretatik atera eta putzuaren inguruko lurraldean bizitzen hasiko da. Gainerako anfibioak bezala, igel helduak haragijaleak dira eta beren aho zabalari  esker harrapakin handiak irentsi ditzakete, ohizko harrapakinak (intsektuak, molusku txikiak, armiarmak eta zizareak) hain zuzen ere.

Igelek arazoak ere badituzte. 
Gaur egun, uraren, airearen eta lurraren kalitatea oso kaskarra da planetako hainbat gunetan; gasak eta likidoak azalean barrena sartzen zaizkienez, animalia hauek dira gaur  egun arrisku handien dutenetakoak. Horretaz gainera, gizaki  batzuek legez kanpo harrapatzen dituzte, inolako baimenik gabe, jateko.

Denon artean pentsatu behar dugu zer egin dezakegun desagertzeko arriskuan bizi diren hainbat espeziek gure artean iraun dezaten. Hurbileneko anfibioak, gure inguruneko urmael eta errekatxoetakoak,  ongi ezagutzea izan liteke lehenengo urratsa.

Inprimakia ikusten ez baduzu egin klik hemen


Eboluzioak margotutako azala


Askotan, telebistan batez ere, Afrikatik etorritako etorkin asko Mediterraneo itsasoan erreskatatzen dituztela ikusten eta entzuten dugu. Duela urte asko gertatzen zen bezala, gaur egun ere, gizaki asko, hobeagoa den etorkizun baten bila bere bizitza arriskuan jartzen dute.
Baina gaurko gaia ez da hori. Ariketa honetan gure arbasoen eboluzioa aztertuko dugu, eta horretarako galdera bati erantzun behar diogu: zergatik du azalak kolore argia edo iluna?..
“Badirudi, Afrikan azaldu ziren lehenengo hominidoek ilez estalitako azal argia izan zutela, beste primateek bezala. Uste da bipedo bihurtu zirenean, galdu zutela ilea ,eta orduan, hautespen naturalak azal ilunagoaren alde egin zuela argi ultramoretik (UV) babesteko. Hala ere, gizakiak Afrikatik irten zirenean (duela 100.000 bat urte) eta Asia edo Europara, hain zuzen ere ultramoreen intentsitatea txikiagoa den tokietara, jo zutenean, pigmentazio gutxiagoko azala izatera iritsi ziren berriro.”
Eboluzioari esker, gizakion azalaren kolorea eraldatu egin da tokian tokiko beharren arabera.
Iturria:Zientzia.eus
Bideoklipa ikusi eta entzun ondoren,beheko galdetegiari erantzun. Ikusten ez baduzu, hemen aurki dezakezu.
Eskerrik asko, Teknopolis.

2022(e)ko urtarrilaren 22(a), larunbata

Txakurren arbasoen bila




 Txakurra izan zen, ziurrenik, etxekotu zen lehen animalia, eta 10.000 urtez lagundu dio gizakiari. Zientzilari batzuek diotenez, txakur guztiek, etxekoek zein basatiek, arbaso komun bat dute Asiako hego-ekialdeko otso txikian.

Analisi genetikoen bidez jakin dute arbasorik zaharrenak Eurasian agertu zirela. EHUko ikertzaile batzuek parte hartu dute txakurraren historian atzera egiten lagundu duen ikerketan.

Bideo hau landu ondoren, beheko inprimakiari erantzun.



2022(e)ko urtarrilaren 21(a), ostirala

Erle-kolibria edo Zunzuncito

                               Txikiena izatearen gorabeherak

Grabatu dizuedan testua entzun eta irakurri ondoren, inprimakiari erantzun behar diozu. Animo!





Irudia: Erle-kolibria hegaztirik txikiena da.  1844. urtean aurkitu zuen
 Cristobal Gundlach naturalista eta zientzialari alemanak.
Odol beroko animaliarik txikiena Kuban (Amerikako Antilletan) bizi da, eta ez da satitsu etruskoa: erle-kolibria da. "Mellisuga helenae" du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz.

Haren masa 2 g baino pixka bat gutxiagokoa da eta bizi den habiako diametroak 3 cm baino ez ditu. Erle-kolibria hegaztirik txikiena da, baina gainerako kolibri guztiak ere (Trochiidae familiako espezieak) oso txikiak dira. Hegalen mugimendua hain da azkarra, hegaztiak baino intsektu hegalariak dirudite. Hegoak segundoko 12-90 bider astintzen dituzte eta orduko 50 km-ko lastertasuna lor dezakete. Gainera, atzeraka ere mugi daitezke, beste hegaztiek egin ezin dezaketena.

Kolibriak oxigeno-behar oso handiak ditu, bai eta bihotz-taupadaren maiztasuna ere. Minutuko 1.260 taupada da neurtu den bihotz-maiztasunik bizkorrena; horregatik, oso handia da kolibrien energia-beharra. Hori dela eta, asko jan behar dute; haien tamaina kontuan harturik, ez dago kolibriek baino gehiago jaten duen animaliarik.
      
Hain da handia kolibrien energia-eskaria ezen, gauean, hegan egiterik eta jaterik ez dutenean, beheratu egiten baitituzte giltzurrunen lana, bihotz-taupadaren maiztasuna eta gorputz-tenperatura. Nektarra da kolibrien janari nagusia, baina ez bakarra. Intsektu zenbait jaten dituzte noizean behin, proteina- eta gatz-beharrak asetzeko. Nektarra gluzido-iturri da, baina zenbait loretako nektarraren azukre-kontzentrazioa oso baxua da. Hori horrela, nektar bolumen handiak hartu behar dituzte eta, gainera, maiz hartu behar. Erle-kolibriek, esaterako, 1.500 lore bisitatzen dituzte egun bakar batean, eta kontuan hartu behar da eguneko denboraren % 20 baino gehiago ez dutela ematen nektarra zurrupatzen.

Lan astunak, bai, kolibrienak, hain txikiak izateagatik!

Iturria: Zientzia Kaiera




2022(e)ko urtarrilaren 20(a), osteguna

Erleak




Erlea taldean bizi den hainbat intsektu espezieri ematen zaien izena da, liztorrei eta inurriei lotuta. Intsektu langile hauen informazioa duzu testu honetan. Arretaz irakurri eta entzun ondoren, inprimakiko galderei erantzun.